ZUBELDIA MAGRI¥A, ANE
Arratsean igo naiz
errautsak ikustera.
Ke pixka bat darie oraindik,
gaizki jositako zainak.
Pixkanaka gerturatu naiz,
bezperakoa gogoan:
bero jasanezina
eta inguruko etxe guztietako leihoak
gorri-gorri.
Guztiz erre gabeko paperetan
saiatu naiz bilatzen
desiraren bat-edo,
baina ezer
irakurtzera heldu aurretik
galdetu dit errauts-zainak
ea geratzen dena itzali nahian ari ote nintzen.
Etxean,
arbasoak bilatu ditut
elizaren erregistroan.
1690era arte iritsi naiz
eta saiatu naiz imajinatzen jende hori dena
suaren inguruan,
haien aurpegi gazte-zaharrak bero,
begi biziak gorri,
sugar-dantzarien artean igarri nahian
etorkizun bat.